
Irunek eta Hondarribiak balantze positiboarekin itxi dute uda, turismo-bulegoetan 17.000 bisitari baino gehiago artatu eta hotelen okupazio handia izan ondoren
Bidasoa bizirik-ek uztaileko eta abuztuko balantze positiboa egin du: turismo-bulegoetan artatutako pertsonen kopurua % 7,4 hazi da, Irunen igoera nabarmena izan da eta abuztuan hotelen okupazioa % 97,86ra iritsi da Irunen eta % 95,26ra Hondarribian
Irunek eta Hondarribiak turismo-balantze positiboarekin itxi dituzte uztaila eta abuztua. Bi udalerrietako turismo-bulegoek 17.127 bisitari artatu dituzte bi hilabete horietan, 2025eko udako 15.948 bisitarien aldean; beraz, kopuruak % 7,4 egin du gora. Datu horiei hotelen okupazioaren emaitza onak gehitu behar zaizkie, bereziki abuztuan, baita eskualdeko kultura- eta natura-baliabideetan izandako jarduera handia ere.
Hazkundea bereziki nabarmena izan da Irungo Turismo Bulegoan. Uztailean eta abuztuan 3.270 pertsona artatu ditu, 2025eko 2.212 pertsonen aldean; hau da, ia % 48ko hazkundea izan du. Hondarribian, Arma Plazak 10.018 bisitari jaso ditu, joan den udako 9.378ak gaindituz; Portuan, berriz, 3.941 pertsona artatu dira, 2025eko 4.358en aldean.
Bidasoa bizirik-eko presidente Nuria Alzagak emaitzen balorazio positiboa egin du: “Udako datuek erakusten dute Irunek eta Hondarribiak bisitariak erakartzeko duten gaitasunari eusten diotela eta, aldi berean, Irunen bilakaera oso positiboa izan dela. Turismo-bulegoan izandako hazkunde nabarmenak agerian uzten du hiria, bertako ondarea eta udako hilabeteetan eskaintzen ditugun proposamenak ezagutzeko interesa gero eta handiagoa dela”.
Hotelen okupazio handia abuztuan
Hotel-establezimenduen bilakaera bereziki positiboa izan da. Hondarribian, okupazioa uztaileko % 89,69tik abuztuko % 95,26ra igo da. Bi hilabeteetan 2025eko datuak gainditu dira; iaz okupazioa % 85,02koa izan zen uztailean eta % 87,91koa abuztuan. Aurtengo abuztuan ostatu hartu duten pertsonen % 63,04 Estatu mailakoak izan dira eta % 36,96 atzerritarrak.
Irunen, hotelen okupazioa % 92,97koa izan da uztailean eta % 97,86ra iritsi da abuztuan, 2025eko abuztuan izandako % 94,98aren gainetik. Gainera, nazioarteko turismoak pisu berezia izaten jarraitzen du hirian: abuztuan ostatu hartu duten pertsonen % 45 atzerritarrak izan dira, guztizkoaren ia erdia.
Turismo-bulegoetan informazioa eskatu duten pertsonei dagokienez, 2026ko uztailean % 67,07 Euskaditik edo Estatuko gainerako lurraldeetatik etorri dira, eta % 32,93 atzerritik. Abuztuan, ehuneko horiek % 65,16 eta % 34,84 izan dira, hurrenez hurren. Estatu mailako jatorri nagusien artean Euskadi, Katalunia, Madril, Valentziako Erkidegoa, Andaluzia, Aragoi eta Gaztela eta Leon daude. Nazioarteko merkatuen artean, berriz, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak eta Italia nabarmentzen dira.
Kultura- eta natura-ondareak bisitariak erakartzeko gaitasunari eusten dio
Irungo kultura-baliabideek ere bilakaera positiboa izan dute. Oiasso Erromatar Museoak 7.988 bisitari jaso ditu uztailean eta abuztuan, iaz baino % 8 gehiago, Dies Oiassonis jaialdia kontuan hartu gabe. Epea ekainetik abuztura zabaltzen bada eta jaialdia ere zenbatzen bada, kopurua 17.366 bisitari eta erabiltzailera iristen da, aurreko urtean baino % 14 gehiago.
Nabarmentzekoa da, halaber, gertuko publikoaren hazkundea. Oiassok bikoiztu egin du Irungo bisitarien kopurua, 2.660ra iritsiz, eta Gipuzkoatik etorritakoena % 65 hazi da. Horren ondorioz, museoaren eta bertako jardueren bisitari eta erabiltzaileen ia % 75 Euskal Herritik etorri dira. Estatuko gainerako lurraldeetatik, Frantziatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako bisitarien kopuruak ere gora egin du.
Oiassoko bisita gidatuek eta tailerrek 1.079 pertsona bildu dituzte uztailean eta abuztuan. Bereziki nabarmentzekoa da Irugurutzetara Tren Txikitoan joateko proposamena: iazko erabiltzaile kopurua hirukoiztea ahalbidetu du, eta bi hilabete horietan 669 pertsonak parte hartu dute. Bestalde, Oiasso Museoan eta erromatar termetan egindako jarduerek 218 parte-hartzaile izan dituzte, eta Santa Elena ermitakoek, 192.
Irungo bisita gidatuen programazioak ere 292 pertsona bildu ditu uztailean eta abuztuan. Junkaleko elizako kanpandorrera egindako bisitetan 170 pertsonak parte hartu dute; Irun, 2.000 urteko historia proposamenean, 46k; Zubitik zubira bisitetan, 42k; eta Udaletxera egindako bisitetan, 34k. Parte-hartzaileak nagusiki eskualdekoak izan dira, baina Zarautz, Iruñea, Madril, Bartzelona eta Mallorcatik etorritako bisitariak ere izan dira.
Natura-ondareari lotutako espazioek ere jarduera handia izan dute. Ekoetxea Plaiaundik 1.172 bisitari jaso ditu uztailean eta 1.849 abuztuan, eta, horrez gain, bisita gidatuak eta tailerrak antolatu ditu udako hilabeteetan.
Turismo-informazioa, bizikidetza ere hobetzeko
Uda honetan, turismo-bulegoek, Irun eta Hondarribia modu arduratsuan bisitatzea sustatzeko informazioa indartu dute. Horretarako, banakako bisitariei zein taldeei zuzendutako dekalogoak banatu dira, bi hiriak ezagutzeko garaian ingurunea eta bertako biztanleen eguneroko bizimodua errespetatzeko gomendioekin. Hondarribian, gainera, turismo-fluxuak banatzeko lan egin da, bisitariak eremu jakin batzuetan gehiegi pilatzea saihesteko.
Aurtengo berrikuntzetako bat turismo-bulegoetan MUGI txartel anonimoak saltzeko eta kargatzeko aukera eskaintzea izan da. Zerbitzuak interes handia sortu du bai bisitarien artean, bai herritarren artean, eta garraio publikoaren erabilera errazten laguntzen du. Irunen, garraioarekin lotutako kontsultek galdera guztien % 22,19 osatu dute uztailean eta % 17,86 abuztuan. Era berean, QR kodeak jarri dira turismo-informazioa formatu digitalean eskuratzeko aukera errazteko eta euskarri fisikoen erabilera murrizteko.
Bidasoa bizirik-eko presidenteorde Estitxu Urtizbereak nabarmendu duenez, “gure helburua, turismoa modu arduratsuan kudeatzea da. Bisitatzen gaituztenek eskualdeaz gozatzeko aukera izatea nahi dugu, eta, aldi berean, hemen bizi diren pertsonek beren eguneroko bizimoduari normaltasunez eutsi ahal izatea. Oreka horretan aurrera egiten lagunduko diguten neurriak sustatzen jarraitzen dugu”.
Jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen helmuga
Azken urteotan, Bidasoa eskualdeak aurrera egin du Turismo Helmuga Adimendun gisa sendotzeko bidean, eta jasangarritasuna eta irisgarritasuna turismo-estrategiaren funtsezko elementu bihurtu ditu.
Testuinguru horretan, Irunek eta Hondarribiak kultura- eta natura-ondarea kontserbatu eta hobetzeko jarduerak garatzen jarraitzen dute. Era berean, bisitarien esperientzia hobetzeko, baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzeko eta turismo-jarduerari lotutako ingurumen-inpaktua murrizteko irtenbide teknologikoak txertatzen ari dira.
Estrategia horren bidez, urte osoan turismo orekatuago baterantz aurrera egin nahi da, tokiko ehun ekonomikoarentzat jarduera eta aukerak sortzeko gai izango dena, betiere lurraldearen babesa eta bertan bizi diren pertsonen ongizatea kontuan hartuta.
Uztailean eta abuztuan jasotako emaitzek, beraz, Irun eta Hondarribia turismo-helmuga sendo eta erakargarri gisa duten posizionamendua indartzen dute. Aldi berean, turismoaren hazkundea eta jarduera kalitatearekin, jasangarritasunarekin, irisgarritasunarekin eta bizikidetzarekin lotzeko egiten ari den lana berresten dute.



