
Irunen eta Hondarribian negozio berriak abian jartzeko laguntza ekonomikoa eta aholkularitza
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntzak eskatzeko. Laguntza horiek eskualdean enpresa-proiektu bat abian jarri nahi duten langabeei zuzenduta daude.
Dirulaguntza hauek Bidasoko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren barruan kokatzen dira, eta Bidasoa bizirik-ek eskaintzen duen prestakuntza eta laguntza espezializatuko ibilbide batekin osatzen dira, jardueraren lehen urratsak errazteko eta negozio-plan sendo bat garatzeko.
Deialdia edozein jarduera-sektoretan enpresa-proiektua dagoeneko zehaztuta duten sustatzaileei zuzenduta dago. Langabezian egon behar dute, eta dagokien enplegu-zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa 2.000 eurokoa da; eskatzailea emakumea bada, % 15 handituko da, eta 18 eta 30 urte bitartekoa bada, beste % 15.
Nuria Alzaga Bidasoa bizirik-eko presidenteak nabarmendu duenez, «negozio bat abian jartzeko baliabideak behar dira, baina baita erabakiak hartzeko orientazioa eta laguntza ere. Programa honen bidez, Irunen eta Hondarribian enpresa-proiektu bat duten pertsonek lehen urratsak gertuko laguntzarekin eta aurrera egiten lagunduko dieten tresnekin eman ahal izatea nahi dugu».
Lau hilabete proiektuaren bideragarritasuna lantzeko
Laguntza ekonomikoaz gain, onuradunek lau hilabeteko prestakuntza- eta laguntza-ibilbide batean parte hartuko dute, beren enpresa-proiektua aztertu eta baliozkotzeko.
Prozesu horretan, besteak beste, aukeren identifikazioa, proposamenaren merkatu-baliozkotzea, finantza-plangintza, marketina eta komunikazio digitala landuko dituzte. Era berean, jarduera hasteko beharrezkoak diren lege-, zerga- eta lan-arloko izapideei buruzko orientazioa jasoko dute.
Programak Bidasoa bizirik-eko ekintzailetzako talde teknikoarekin aurrez aurreko banakako tutoretzak eta taldeko tailerrak barne hartzen ditu, esperientziak partekatzeko eta zalantza komunak argitzeko. Metodologia praktikoa izango da: benetako kasuak, simulazioak eta profil desberdinetara egokitutako tresna digitalak, gidak eta txantiloiak erabiliko dira.
Bestalde, Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak azpimarratu duenez, «proiektu bakoitzak behar desberdinak ditu. Horregatik, banakako aholkularitza programaren funtsezko atala da: pertsona bakoitzaren zalantza zehatzak lantzeko, haren proposamena kontrastatzeko eta oinarri sendoko negozio-plan bat eraikitzeko aukera ematen du. Taldeko saioek, gainera, beste ekintzailetza-esperientzia batzuetatik ikasteko gunea eskaintzen dute».
Nahitaezko informazio-saioa azaroaren 6an
Parte hartzeko interesa duten pertsonek azaroaren 6an egingo den aurkezpen-saioan parte hartu beharko dute. Saioa Bidasoa bizirik-en bulegoetan izango da, Irungo Ducoureau jauregian, Hendaia kaleko 8. zenbakian.
Bertaratzea nahitaezkoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da 943 509 584 telefonora deituta edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera idatzita.
Saioan, programan parte hartzeko baldintzak, eskaera egiteko prozedura eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztuko dira.



