
Bidasoa Digitalak eskualdeko 40 enpresa baino gehiagori lagundu die eraldaketa digitalean
Bidasoa bizirikek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako programaren azken edizioak datuen kudeaketa izan du ardatz, enpresen lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa.
Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bidez, Bidasoa Digitala programaren 2025/2026 edizioaren amaierako jardunaldia egin dute gaur. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatutako programak eskualdeko 41 enpresari lagundu die 2021az geroztik eraldaketa digitalean, haien lehiakortasuna hobetzeko eta digitalizazioa enpresa-estrategian txertatzeko helburuarekin.
Jardunaldian Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako zuzendariak parte hartu du. Programan parte hartu duten bi enpresak ere beren esperientzia eta jardueran txertatutako aldaketak azaldu dituzte.
Nuria Alzaga Bidasoa bizirikeko lehendakariak nabarmendu duenez, «eraldaketa digitalak enpresa bakoitzaren benetako beharrei erantzun behar die. Bidasoa Digitalaren bidez, nondik hasi identifikatzen, lehentasunak ezartzen eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko dieten proiektuak zehazten laguntzen diegu. Bost urte hauek agerian uzten dute gure eskualdeko enpresa-ehunari egokitutako hurbileko laguntzaren balioa».
Datuak erabaki hobeak hartzeko baliatzea
2025/2026 edizioak datuen kudeaketa izan du ardatz, aktibo estrategiko gisa. Helburua da enpresek sortzen duten informazioa baliatu ahal izatea prozesuak eta baliabideak optimizatzeko, eraginkortasuna hobetzeko eta oinarri sendoagoarekin erabakiak hartzeko.
Egindako diagnostikoek erakusten dutenez, parte hartu duten enpresek heldutasun-maila handiagoa dute datuak identifikatzeko eta biltegiratzeko orduan. Hala ere, aurrera egin behar dute datuen tratamenduan, analisian eta bistaratzean, fase horiek ahalbidetzen baitute informazioa negoziorako ezagutza erabilgarri bihurtzea.
Ildo horretan, Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak adierazi duenez, «enpresek informazio baliotsua sortzen dute eguneroko jardunean, baina erronka informazio hori aprobetxatzen jakitea da. Datuen kudeaketa lantzeak aukera ematen die beren prozesuak hobeto ezagutzeko, hobetzeko aukerak antzemateko eta erabaki arrazoituak hartzeko. Gure egitekoa bide horretan laguntzea da, ahalmen hori proiektu zehatzetan gauzatu dadin».
Hamalau enpresak parte hartu dute azken edizioan
Edizio honetan industriaren, handizkako merkataritzaren eta garraioaren sektoreetako 14 enpresak parte hartu dute. Horien artean, bereziki nabarmendu dira 10 eta 30 langile arteko industria-enpresa txikiak. Laguntza teknikoa ieteam consultores aholkularitza-enpresaren lankidetzarekin eman da.
Sei enpresak —Evootrade SL, Calzanor SL, Cauchopren SL, Likale Caucho Industrial SL, Transova Norte SL eta Garua Esmasa SL— honako urrats hauek biltzen dituen ibilbidea osatu dute: heldutasun digitalaren diagnostikoa egitea, datuen kudeaketa hobetzeko bide-orria prestatzea, erronkak identifikatzea eta etorkizunean ezartzeko soluzio digitalak jasotzen dituzten proiektuak zehaztea.
Beste zortzi enpresarekin —Placisa, Mármoles Oiasso S.Coop.Peq., Aiadek SA, Válvulas Zubi, Moldes y Mecanizados Hemen S.L., Bravo Logistic SL, Sellex eta Plásticos Lezo SL— aurreko edizioetan zehaztutako bide-orrien jarraipena egin da, aurrerapenak berrikusiz eta, behar izan denean, proiektuak eguneratuz. Gainera, horietako laurekin gauzatzeke zeuden ekimenak aurrera eramateko lan egin da.
1,3 milioi euro baino gehiago digitalizaziorako laguntzetan
Programa abian jarri zenetik, parte hartu duten 41 enpresetatik 32k, hau da, % 78k, digitalizazio-proiektuak garatzeko laguntza publikoak eskuratu dituzte. Guztira, 117 laguntza jaso dituzte, 1,3 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenen arabera.
Bidasoa Digitala Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bidasoa biziriken arteko hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua da tokiko garapenaren arloan lankidetzazko gobernantza eta enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala sustatzea.
Bidasoa bizirikek lan horri jarraipena emango dio, proiektuen jarraipen pertsonalizatua eginez, laguntza-programa publikoei buruzko aholkularitza eskainiz eta bai aurreko edizioetako enpresei bai parte-hartzaile berriei lagunduz. Era berean, diagnostikoak eta bide-orriak eguneratzea sustatuko du, enpresen bilakaerara eta adimen artifiziala bezalako tresnek eskaintzen dituzten aukeretara egokitzeko.



