
Bidasoa bizirikek hitzarmena berritu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin 2025ean eskualdeko energia iraunkortasuna bultzatzeko
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuarekin sinatu dute 2025eko urteko hitzarmena, eskualdeko energia iraunkortasunaren plangintza eta jardun bateratua sustatzeko. Sinadura hau lurralde ikuspegitik klima aldaketaren erronkei aurre egiteko foru estrategiaren baitan kokatzen da, eta Gipuzkoako garapen agentzia guztiek parte hartuko dute.
Hitzarmen honi esker, eta 60.000 euroko ekarpena jasota, hainbat ekintza jarriko dira martxan urtean zehar, Bidasoako udalerrietan, enpresetan eta tokiko eragileengan eragin zuzena izango dutenak.
Nuria Alzaga Bidasoa bizirikeko presidentearen hitzetan, “hitzarmen berri honek indartu egiten du tokiko esparrutik klima aldaketaren erronka nagusiei erantzuteko dugun borondatea. Eskualdeek funtsezko rola dugu, eta gure kasuan lankidetzaren, entzute aktiboaren eta enpresa zein herritarrak laguntzearen bidez egiten dugu lan.”
2025erako aurreikusitako jarduerak
Akordioak aurreikusten du Energia Mahaia dinamizatzea eta udalerriei aholkularitza teknikoa ematea 04/2019 Jasangarritasun Legea eta 1/2024 Energia Trantsizioa eta Klima Aldaketa Legea betetzeko, energia plan lokalak garatzen laguntzeko eta irizpide energetikoak politika fiskaletan txertatzeko. Era berean, udal diagnostikoak eguneratuko dira eta eskualdeko planaren jarraipena egingo da, lehen ebaluazioa aurten egitea aurreikusita dagoelarik.
Enpresa arloan, eskualdeko enpresei (industria zein zerbitzu sektorekoei) zuzendutako aholkularitza-programarekin jarraituko da, bi ardatz nagusitan:
- Karbono-aztarnaren kalkulua (1. eta 2. esparruak), murrizketa-planak lagunduz eta energia berriztagarriak instalatzeko proposamenak eginez.
- Energia aurrezpena eta efizientzia, aholkularitza teknikoarekin, diagnostiko pertsonalizatuekin eta kontsumoak modu autonomoan kontrolatzeko jarraipen-tresnekin.
Gainera, berrikuntza gisa, produktuen karbono-aztarnaren inguruko proiektu pilotu bat jarriko da abian, 2 tokiko enpresarekin lankidetzan. Horrek produktu adierazgarri baten bizi-zikloa aztertzeko aukera emango du, eta etorkizuneko arau-eskaerak —hala nola produktuaren pasaporte digitala— prestatzeko oinarriak ezarriko ditu. Ekimen hau bat dator Bidasoa Activa-k EDIT-Poctefa europar proiektuaren barruan egiten duen lanarekin.
Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak adierazi duenez, “energia iraunkortasuna ez da aukera bat, behar bat baizik. Eta urratsez urrats, Bidasoa osoarentzako eredu eraginkorrago, bidezkoago eta erresilienteago batera hurbiltzen ari gara.”
2021ean hasitako prozesua
Hitzarmen honek jarraipena ematen dio 2021ean hasitako prozesuari, Bidasoa Activa Gipuzkoako Energia Jasangarriaren eta Energia Pobreziaren Lurralde Mahaira batu zenean. 2022an, bi urterako hitzarmena (2022–2023) sinatu zen Foru Aldundiarekin, eta horrek lehen ekintzak abiarazteko eta Bidasoako Energia Plan Eskualdekoa idazteko aukera eman zuen. Ondorengo urteetan, hainbat ekimen gauzatu dira urteko memorian jasota: enpresentzako energia-aholkularitza, prestakuntza, sentsibilizazio-kanpainak eta tokiko politika publikoen jarraipena.
2025ean akordioa berrituta, eskualdeko lan-ildo bat finkatzen da, energia-eredu jasangarri, parte-hartzaile eta lurraldearen ezaugarriekin bat datorrenaren alde egiten duena.