
Tech Irun eta GazteTEK tailerrak erreferente gisa finkatu dira Bidasoa eskualdean STEAM hezkuntzaren sustapenean
Gabonetako ekimenek, beste urte batez, zientzia, teknologia eta sormena txikitatik ikastea indartzen dute.
Aurten ere parte-hartzea arrakastatsua izan da.
Beste urte batez, Tech Irun eta Hondarribiko GazteTEK tailerrak antolatu dira Gabonetako oporretan. Tailer horiek arrakasta handia lortu dute berriro ere parte-hartzeari eta balorazioari dagokienez, eta aurten ere erreferentziazko hezkuntza- eta prestakuntza-proposamen gisa finkatu dira Bidasoa eskualdeko 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzat. Teknologia, zientzia, sormena eta ikasketa ludikoa uztartu dituzte bi ekimenek, oporraldian kalitatezko alternatibak eskainiz.
Tech Irun tailerrak
Irunen, Tech Irun tailerrek interes handia piztu zuten berriro familien artean, haurrei robotikaren, programazioaren eta sormenezko teknologiaren esparruan sartzeko aukera eskainiz. Saioetan, erronka teknologikoak landu zituzten parte-hartzaileek, helburu jakin batzuk betetzeko gai diren robotak diseinatzeko, eraikitzeko eta programatzeko.
Jarduerak metodologia ireki batetik planteatu ziren, ikaskuntza praktikoan eta arazoen konponketan oinarrituta, eta parte-hartzaile bakoitzak bere irtenbideak garatzea ahalbidetu zuen. Horrela, irudimena, sormena eta autonomia sustatu ziren bereziki, baita talde-lana eta komunikazioa bezalako trebetasunak ere.
Tailerrek zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikako (STEAM) edukiak konbinatu zituzten, eta ikaskuntza-ingurune dinamiko bat sortu zuten, non parte-hartzaileen ideiek forma hartu baitzuten haien sorkuntza teknologikoen bidez. Parte-hartzaileek eta haien familiek asko baloratu zuten esperientzia horren emaitza, teknologiarekiko interesa txiki-txikitatik indartuz.
GazteTEK tailerrak
Hondarribian, GazteTEK tailerrek zientziara eta esperimentaziora hurbildu zuten gazteria, ingeniaritzarekin, fisikarekin eta biologiarekin lotutako jarduera praktikoen bidez. Esperimentu zientifikoen, talde-dinamiken eta beren adinari egokitutako erronken bidez, parte-hartzaileek kontzeptu konplexuak ikasi ahal izan zituzten modu ludikoan, jakin-mina, pentsamendu kritikoa eta talde-lana sustatuz.
Oso balorazio positiboa
Bidasoa bizirik-eko presidentea den Nuria Alzagak oso positibotzat jo du bi programen garapena, eta nabarmendu duenez, “tailer hauek argi erakusten dute eskualdeak teknologia eta zientzia adin goiztiarretatik hurbiltzeko egiten duen apustua, bokazioak sustatuz eta eskolarik gabeko aldietan berdintasunean hezteko aukerak eskainiz”. Alzagak azpimarratu du, gainera, “gazteen parte-hartze handiak eta familien satisfazioak berresten dutela horrelako ekimenek benetako eskaera bati erantzuten diotela eta eragin positiboa sortzen dutela lurraldean”.
Ildo beretik, Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak, Estitxu Urtizbereak, adierazi du “Tech Irun eta GazteTEK-ek gaitasun teknologikoak ez ezik, balioak ere lantzen dituztela, hala nola sormena, lankidetza eta norberaren gaitasunekiko konfiantza”. Urtizbereak gehitu duenez, “funtsezkoa da haurrek esperimentatu, ikasi eta ondo pasatzeko espazioak sustatzen jarraitzea, bereziki berrikuntzari eta ezagutzari lotutako alorretan”.
Sormena estimulatzea
Tailerren elementurik baloratuenetako bat erronka irekietan oinarritutako metodologia izan da, parte-hartzaileen irudimena eta sormen-gaitasuna estimulatzen duena. Hala azaldu du Oier Redondo tailerretako begiraleak: “Irudimena lantzen dute, ez diegulako mugarik jartzen. Baldintza edo helburu batzuk betetzen dituen robota sortzeko jarraibide batzuk ematen dizkiegu, eta haiek, euren irudimen eta ideiekin, sortu egiten dute, eta emaitza ikaragarria izaten da”.
Irati Díez GazteTEK-eko begiraleak oso positibotzat jo du esperientzia, eta nabarmendu du “zenbait jardueraren bidez, ikasleek hainbat materialekin esperimentatzeko eta materialen fisikaren munduan modu praktikoan sartzeko aukera izan dutela”.
Era berean, honako hau gaineratu du: “Tailerretan, sukaldaritzari aplikatutako zientzia ezagutzeko esperimentuak egin dituzte, kimikarekin esperimentatu dute, erreakzio eta konposatu kimikoekin trebatuz. Horrez gain, DNArekin ere lan egin dute, platano batetik aterata, eta argia eta haren erreakzioak ondo ezagutzeko jarduerak egin dituzte.
Iratik azaldu duenez, “kontzeptu errazetatik diseinatutako tailerrak dira, haurrek ulertu ahal izateko eta zientzia, kimika eta fisikarekin ohitzen hasteko pentsatuak”. Horren harira, “zientzia adin goiztiarretan eta, bereziki, neskatoekin ere hurbiltzeak duen garrantzia” azpimarratu du, “ikus dezaten zientzialariak, ingeniariak edo kimikariak izan daitezkeela, zientzia haientzat ere bide posiblea dela erakutsiz.
Alzagak nabarmendu duenez, “Edizio honen arrakastak indartu egiten du teknologia eta zientzia gazteengana hurbiltzen dituzten programen aldeko apustua egiten jarraitzeko borondatea, etorkizunerako funtsezkoak diren gaitasunak garatzen eta Bidasoa eskualdeko berrikuntza-ekosistema indartzen lagunduz”.



