
Mikel Torres lehendakariordeak Bidasoa bizirik bisitatu du Eskualdeko Enplegu eta Garapen Planaren aurrerapena ezagutzeko
Bidasoa eskualdea Eusko Jaurlaritzak lurralde pilotu gisa hautatu du plan estrategiko hau prestatzeko; diagnostiko fasea amaitu ondoren, gaur egun idazketa fasean dago.
Irun, otsailak 13.- Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torres Bidasoa bizirik-en instalazioak bisitatu ditu Bidasoa eskualdeko Enplegu eta Tokiko Garapen Plan Pilotua (ETGP) zertan den bertatik bertara ezagutzeko, baita datozen urteetan Irunen eta Hondarribian enplegu- eta garapen-politikak gidatuko dituzten erronka eta ildo estrategiko nagusiak ere.
Bileran, lehendakariordeak Garapen Agentziak orain arte egindako lana ezagutu ahal izan du. Agentziak 2025eko ekainean ekin zion ETGP prestatzeari, eskualdeko diagnostiko sozioekonomiko eta enpleguari buruzkoa eginez. Lan hau Eusko Jaurlaritzak Bidasoa eskualdea lurralde pilotu gisa hautatzeko hartutako erabakiaren barruan kokatzen da, planifikazio-eredu berri hau probatzeko, ondoren Euskadiko udalerri guztietara zabaldu aurretik.
Irungo alkate Cristina Labordak azpimarratu duenez, “Plan hau funtsezko tresna da lan-merkatuaren aldaketei aurrea hartzeko eta Irunek eta eskualdeak dituzten benetako erronkei modu koordinatuan erantzuteko. Lurralde pilotu gisa hautatu izanak egiten ari garen lanaren aitortza dakar, eta gure errealitatera egokitutako enplegu-politika eraginkorragoak diseinatzeko aukera ematen digu”.
Diagnostiko partekatua eta ikuspegi eskualdekoa
Diagnostikoa 2025eko ekainetik abendura bitartean egin da, Ikertalderen laguntza teknikoarekin, eta datuen analisia zein parte-hartze prozesu zabala uztartu ditu. Bertan, eskualdeko eragile ekonomiko, sozial eta prestakuntzakoek parte hartu dute, dagoeneko sendotuta dauden lan-espazioen bidez, hala nola Lantalde Industriala, Irungo Inklusio Mahaia, Irun Ekintzaneko kideak eta Hondarribiko mahaia, besteak beste.
Lan honi esker, Bidasoko enpleguaren oraina eta etorkizuna baldintzatzen duten hamar erronka nagusi identifikatu dira. Horien artean daude biztanleriaren zahartzea eta belaunaldi-errelebo faltak; enpresen lehiakortasuna hobetzeko beharra trantsizio digital, ingurumeneko eta sozialaren aurrean; biztanleria migratzailearen laneratzea; edo 55 urtetik gorako pertsonak, familia-kargak dituzten emakumeak edo kualifikaziorik gabeko gazteak bezalako kolektibo zaurgarriek enplegua eskuratzeko dituzten zailtasunak.
Diagnostikoak, halaber, beste erronka batzuk ere azpimarratzen ditu: genero-arrakala ekonomikoa, ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea, talentua erakartzea eta atxikitzea, enpresa-kultura lanaren balio berrietara egokitzea, mugaz gaindiko enpleguaren garrantzia eta lurraldeko erakunde eta eragileen arteko gobernantza kolaboratiboa indartzeko beharra.
Hondarribiko alkate Igor Enparanen hitzetan, “diagnostiko honen balioa datuetatik harago doala da; egunero enpleguaren, enpresaren eta gizarteratzearen arloan lanean ari direnen ahotsa jasotzen du. Horri esker, errealista, partekatua eta pertsonen bizitzan eragin zuzena izango duen plana definitu dezakegu”.
Erronketatik ekintzara: helburu argiak eta ardatz estrategikoak
Gaur egun, Bidasoa bizirik Enplegu eta Tokiko Garapen Plana idazten ari da. Planak bere misioa, ikuspegia eta balioak zehaztu ditu, baita bost helburu estrategiko ere, lau ardatz nagusiren inguruan egituratuta.
Lehen ardatza Prestakuntza, Talentua eta Ekintzailetza da, eta enpresen benetako beharretara egokitutako prestakuntza-eskaintza sustatzea, STEAM bokazioak bultzatzea eta ekosistema ekintzaile berritzaile, jasangarri eta inklusiboa indartzea du xede.
Bigarren ardatzak Lehiakortasuna eta Garapen Ekonomikoa lantzen ditu, industria, lehen sektorea eta hiri-ekonomia indartuko dituzten inbertsioak eta proiektu eragileak erakarriz, kalitatezko enplegu-aukerak sortzeko.
Hirugarren ardatza, Enplegua eta Inklusioa, enplegu-politika aktiboak hobetzean, laneratze zailtasun handienak dituzten kolektiboei laguntzean eta enpresak gizarte-inklusioan, kontziliazioan eta talentu seniorraren aprobetxamenduan inplikatzean oinarritzen da.
Azkenik, Planak Gobernantza Kolaboratiboa indartzen du, erakunde, eragile sozial eta ekonomikoen arteko koordinazio handiagoa sustatzeko eta lankidetza publiko-pribatua zein mugaz gaindikoa sendotzeko.
Hurrengo mugarriak
Prozesua Lanbiderekin sinatuko den akordio batekin amaituko da, aurreikusitako jardueren zati bat garatu eta finantzatzeko.
Horrez gain, Bidasoa bizirik hileroko jarraipena egiten du Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin, eta aktiboki parte hartzen du Plan Pilotuetako Zuzendaritza Batzordean, hautatutako gainerako eskualdeekin batera.
“Lehendakariordearen bisita eskertzen dugu, bere babesarekin Plan honen izaera estrategikoa indartzen laguntzen digulako, baita gure erronketara eta errealitatera hobeto egokitzen den enplegu eredu baterantz aurrera egiteko konpromiso partekatua ere”, amaitu du Labordak.



