
Irunek % 95eko okupazioa izan du uztailean, maximo historikoak urratuz, eta turismo helmuga erakargarria dela erakutsi du
Bidasoa bizirik-en bisita gidatuek arrakasta handia izan dute, ia ez delarik lekurik geratu, eta apirilean inauguratutako Oiasso Museoko terma erromatarrak hiriko erakargarri handienetariko bat bezala
Irunek indarrez eutsi dio turismoari uztailean, erregistratutako hotel-okupazioari erreparatuta: % 95ekoa izan da, 2024ko hilabete beraren oso antzekoa. Bidasoa bizirik-ek emandako datu horrek erakusten du Irun helmuga turistiko sendoa dela Espainiako eta nazioarteko bisitarientzat, eta Euskadiko mapa turistikoan duen posizioa indartu da.
Hala adierazi du gaur goizean Cristina Laborda alkateak, Luis Marianoko turismo-bulegoaren aurrean turismoaren datuak azaltzeko emandako agerraldian, Eva Fernández Bidasoa bizirik-eko zuzendariarekin eta Juanjo Jimenez Oiasso museoko zuzendariarekin batera.
Irunen ostatu hartu duten pertsonen jatorriari dagokionez, kanpoko bisitariek % 5eko igoera izan dute, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Iaz ostatu-gauen % 57 Espainiako bisitariek hartutakoak izan ziren, eta % 43, aldiz, nazioartekoek. Aurten, baina, igoera nabaria izan da datuetan, kanpotarrak baitira ostatu-gauen hartzaileen % 48, atzerritik iritsitako % 52aren ondoan.
Bisiten iraupenari dagokionez, bisitariek bi gau egin dituzten batez beste gurean. Zifra hori ere 2024ko uztaileko datuen antzekoa da. Kanpotarren kontsulta kopurua arinki handitu egin da Espainiatik egindakoekiko.
Cristina Laborda Irungo alkateak datuen oso balorazio positiboa egin du. «Irunek oso okupazio-datu altuak izan ditu bigarren urtez jarraian, eta horrek erakusten du hiri erakargarria dela turistentzat. Erakundeetatik, eskaintza zabal, jasangarri eta kalitatezko baten alde egin jarraituko dugu, lurraldearen barruan dugun posizio pribilegiatuari eusteko».
Turismo-bulegoko bisitak
Uztailean, 1.183 pertsonari eman zaie aurrez aurre Irungo turismo-bulegoan, eta beste 72ri kontsulta ez-presentzialen bidez, hots, emailez edo telefonoz.
Bisitarien % 65 beste autonomia-erkidego batzuetakoak ziren, % 23 Frantziatik zetozen, eta gainerako % 12a beste herrialde batzuetatik, batik bat Ingalaterratik, Holandatik eta Alemaniatik.
Espainiako turistei dagokienez, Irunera etorri diren bisitari gehienak Madrilekoak, Kataluniakoak, Gaztela eta Leongoak eta Andaluziakoak ziren. Eva Fernández Bidasoa bizirik-eko zuzendariaren hitzetan, «azken bi erkidego horietako bisitarien kopurua gora egiten ari da azken urteetan».
Gaiei dagokienez, hauek izan dira kontsulta ohikoenak: informazio orokorra, planoak, eskuorriak eta ondarea (% 36); agendak, festak eta ekitaldiak (% 24); Done Jakue bidea (% 8), eta bestelakoak, hala nola familia-turismoa, bisita gidatuak, enogastronomia eta natura (% 32).
Bestalde, Fernándezek gaineratu duenez, «datuek erakusten duten Irunek gero eta interes handiagoa pizten duela bisitarien artean. Izan ere, gero eta denbora gehiago ematen dute gurean, eta interesa erakusten dute gure gune enblematikoengatik, kulturagatik, etab.».
Bisita gidatuak hirian
Bidasoa bizirik-ek adierazi duenez, bisita gidatuen programak arrakasta handia izan du, parte-hartzea oso altua izan baita. Izatez, proposamen gehienetan ia ez zen lekurik geratu, eta Junkaleko kanpandorrearen jarduerarako sarrera guztiak hasieratik agortu ziren, batik bat eskualdean bizi diren pertsonen artean piztutako interes biziagatik.
Ondarearekin edo historiarekin lotutako bisitak, hala nola «Zubiz zubi» proposamena, Irunen edo inguruko herrietan (Bera, Hondarribia) ostatua hartu duten bisitari espainiarrak erakarri dituzte gehien bat.
Aipagarria da «Irungo historia zubiz zubi» bisita: Abenida zubian hasten da eta Bidasoaren ertzetik doa Gazteluzarrera igotzeko, eta azkenik Behobiako aduana zaharrean amaitzen da. Ostegunetan eskaintzen den eta bi ordu baino apur bat gehiago irauten duen proposamen honi esker bisitariek gertakari historikoen berri izaten dute horien kokaleku izan ziren puntuetan.
Oiasso museoan, % 21 gehiago
Bestalde, Irungo Oiasso museoak % 21eko igoera erregistratu du uztaileko bisitarietan, eta iaz baino 2.935 pertsona gehiago jaso ditu.
Aipagarria da beste autonomia-erkidego batzuetatik iritsitako bisitariak % 77 igo direla (batik bat, Katalunia, Madril eta Andaluziakoak) edota Irunen bizi direnen bisitek % 25 egin dutela gora. Atzerritarrei dagokienez, igoera apal izan du frantsesen kopuruak, eta jaitsiera handia, aldiz, beste herrialde batzuetatik etorritakoenak.
Termak ireki ondoko aurreneko uda izan da hau, apirilean inauguratu baitzen museoaren eskaintzako elementu berri hori. Uztailean erregistratutako 3.000 sarrerei, termetarako 174, Ama Xantalen ermitarako 17 eta Arkeolab tailerrerako 17 gehitu behar zaizkie.
Helmuga turistiko adimenduna
Irun helmuga turistiko adimendu gisa kontsolidatu da, jasangarritasunarekin eta irisgarritasunarekin konprometitua dago garapen orekatu eta arduratsua sustatzeko. Hiriak zenbait ekimen ezarri ditu ondare kulturala eta naturala kontserbatzeko eta hobetzeko, konponbide teknologiko aurreratuak integratuta, bisitariaren esperientzia optimizatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.
«Estrategia horren adibide dira Oiasso terma erromatarren birgaitzea edo Irugurutzeta eremua berritzea. Horrela, Irun turismo jasangarri eta irisgarriaren erreferente gisa posizionatzen dugu, eta turistei zein tokiko biztanleei onurak dakarzkie horrek», nabarmendu du Cristina Labordak.
Irunen, 2025eko abuztuaren 19an



