
Bidasoa bizirikek eskualdeko 14 enpresen digitalizazioa bultzatzen du Bidasoa Digitala programaren bitartez
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa biziriken bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Bidasoa Digitala programaren beste edizio bat egin dute, tokiko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalera bideratutako ekimena.
Eskualdeko 14 enpresari lagundu die proiektuak bere lehiakortasuna hobetzen, datuen erabilera estrategikoaren eta soluzio digitalen ezarpenaren bidez.
Sei enpresak bete dute ibilbidea
Edizio honetan, sei enpresak programaren ibilbide osoa egin dute. Ibilbide horretan, heldutasun digitalaren diagnostiko bat, datuen kudeaketa optimizatzeko ibilbide-orri bat, erronken identifikazioa eta beren beharretara egokitutako soluzio digitalak dituzten proiektuak diseinatu dira. Zehazkiago, enpresa horiekin produktuen edo finantza-datuen taxonomia komertzialaren egituraketa eta azterketa estrategikoa landu da, hurrengo urratsetan power BI baterantz eboluzionatzeko, bistaratzea profesionalizatzeko. Era berean, erosketetarako eta biltegirako ikuspegi estrategikoak diseinatu eta garatu dira ERPn. Fase honetan parte hartu duten enpresak hauek izan dira: Plásticos Lezo, Moldes y Mecanizados Hemen, Mármoles Oiasso, AiAdek, Bravo Logistic eta Sellex.
Gainera, jarraipena egin zaie aurreko edizioetan parte hartu duten beste zortzi enpresari, haien proiektuen aurrerapen-maila aztertzeko eta behar zutenak birformulatzeko. Testuinguru horretan, power BIren eta ERPren arteko konexioa eta oro har power BIren erabileraren eskalatzea aztertu dira. Era berean, azpimarratu behar da enpresa horietako bostek aurrez zehaztutako proiektuak gauzatzeko urratsak eman dituztela: Pulimentos Metálicos Txingudi, Indart3D, Sacytrans, Fepako Protección, Placisa, Forest Pionner, Irundin eta Puertas Olamendi.
Programaren emaitzek erakusten dutenez, eskualdeko enpresa txiki eta ertainek prozesu sendoak dituzte datuak identifikatzeko eta biltegiratzeko faseetan, baina datuen tratamendua, analisia eta bistaratzea indartu behar dituzte, eta horiek funtsezko etapak dira informazioa negozio-aukera berriak bultzatuko dituen balio estrategiko bihurtzeko.
Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak adierazi duenez, “Bidasoa Digitalarekin eskualdeko enpresa txiki eta ertainei digitalizazio prozesuan laguntzeko konpromisoa berresten dugu. Badakigu datua behar bezala kudeatzea lehiarako abantaila dela gaur egun, eta gure enpresa txiki eta ertainak erronka horri arrakastaz aurre egiteko prest egotea nahi dugu “.
Bestalde, Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirik-eko lehendakariordeak nabarmendu duenez, “Programa hau adibide argia da lankidetza publiko-pribatuak tokiko ehun ekonomikoan benetako eragina nola sortzen duen erakusteko. Enpresei eraldaketa digitalean laguntzeak haien iraunkortasuna eta egokitzeko gaitasuna bermatzea esan nahi du, gero eta zorrotzagoa den ingurune batean “.
Enpresak eraldatzeko prozesuetan espezializatutako ieteam aholkularien laguntza izan du ekimenak.
Hurrengo deialdiak
Bidasoa biziriketik espero dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera lanean jarraitzea hurrengo ekitaldietan Bidasoa Digitala programa indartzeko, eskualdeko industria, merkataritza eta zerbitzuetako enpresa txiki eta ertainei zuzendutako deialdi berriak irekiz.
Helburua egindako lanari jarraipena ematea izango da, enpresa berriei heldutasun digitalaren diagnostikoan lagunduz eta dagoeneko parte hartzen dutenei merkatu globalean lehiakortasuna sendotzen duten proiektu aurreratuagoak inplementatzen lagunduz.



