
Bidasoa bizirik-ek Lanbide Heziketako Azoka bultzatzen du eskualdeko gazteei prestakuntza eskaintza hurbiltzeko
- Ekitaldia apirilaren 21ean izango da Ficoban (Irun) eta Bidasoko Lanbide Heziketako ikastetxe nagusiak bilduko ditu.
- Ikasleek aukera izango dute heziketa-zikloak zuzenean ezagutzeko, erakusketa praktikoetan parte hartzeko eta irakasle eta ikasleekin hitz egiteko.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Bizirik elkartearen bitartez, Bidasoa eskualdeko Lanbide Heziketako Azoka bat antolatzea bultzatzen dute. Azoka apirilaren 21ean izango da, Ficoban (Irun). Ekimen honen xedea da ikasle gazteei lurraldean dagoen Lanbide Heziketako eskaintza zabala eta anitza hurbiltzea eta beren etorkizun akademiko eta profesionalari buruzko erabaki informatuak har ditzaten erraztea.
Jardunaldian zehar, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeak eta eskaintzen dituzten heziketa zikloak gertutik ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, baita bertako irakasle eta ikasleekin zuzenean hitz egiteko aukera ere. Gainera, tailer praktikoak eta erakustaldiak antolatuko dira, eskura dauden prestakuntza-espezialitateetako batzuk modu dinamikoan erakusteko.
CIFP Bidasoa LHII, CIFP Plaiaundi LHII, Irungo La Salle eta Mendibil Lanbide Heziketa Zentroak antolatu dute azoka. Zentro horiek espezialitate desberdinak aurkeztuko dituzte, honako arlo hauei lotuak: Laborategia eta farmazia, Erizaintza eta dietetika, Informatika, Administrazioa, Haur hezkuntza, Komerioa eta marketina, Mekanika, Automatizazioa eta robotika, Mantentze elektromekanikoa, Jantzigintza eta moda, Estetika, Ile-apainketa, Sukaldaritza, Fabrikazio mekanikoa, Elektronika, Elektrizitatea eta Zurgintza. Ikastetxe bakoitzak hainbat informazio-stand izango ditu bere prestakuntza-eskaintza erakusteko eta ikasleen zalantzak argitzeko.
Lanbide Heziketako ikastetxeek eskualdeko ikastetxeekin antolatu dituzte bisitak. Jarduera behar bezala garatzeko, ikasleen bisitak ordu eta erdi inguruko lau txandatan antolatuko dira, txanda bakoitzean 160 eta 180 ikasle arteko taldeekin, eta talde txikiagotan egingo dituzte gune guztiak. Horrela, parte-hartzaile guztientzako esperientzia parte-hartzailea eta ordenatua bermatu nahi da.
Bidasoa bizirik-eko presidente Nuria Alzagak nabarmendu duenez, “Lanbide Heziketa funtsezko tresna da eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialerako. Azoka honen bidez, inguruan dauden prestakuntza-aukerak hurbildu nahi zaizkie gazteei, eta etorkizun handiko ibilbide profesionalak erakutsi”.
Estitxu Urtizberea Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak, bere aldetik, azpimarratu du “erakundeen eta ikastetxeen arteko lankidetza funtsezkoa dela ikasleak orientatzeko eta Bidasoan ematen den Lanbide Heziketaren kalitateari balioa emateko. Horrelako ekimenei esker, ikasleek eskura dituzten aukerak zuzenean ezagutu ditzakete”.
Prentsaurrekoan parte hartu dute: Ione Iturzaeta, Irungo La Salleko heziketa zikloen koordinatzailea; María Antonia García, Mendibil Formakuntzako zuzendaria; Maialen López, CIFP Plaiaundi LHIIko zuzendaria; eta María Juncal Amunarriz, CIFP Bidasoa LHIIko zuzendaria, Bidasoa Bizirik-eko ordezkari instituzionalekin batera.
“Ekimen honen bidez, Bidasoa Bizirik-ek eta eskualdeko udalek gazteen orientazio akademiko eta profesionalarekin duten konpromisoa indartzen dute, lurraldeak eskaintzen dituen prestakuntza eta lan aukeren ezagutza sustatuz eta gure inguruko enpresek hainbeste eskatzen dituzten profil profesionaletara talentua erakarriz”, nabarmendu du Alzagak.



