Albisteak

Bidasoa bizirik-ek EDITen emaitzak aurkeztu ditu. Proiektuak Produktuaren Pasaporte Digitala 160 enpresa baino gehiagori hurbildu die

Foto de grupo de la jornada de cierre del proyecto EDIT en Ficoba

Mugaz gaindiko proiektuak neurrirako laguntza eman die 13 enpresari, eta bi proiektu pilotu sustatu ditu Algonekin eta Harivenasarekin.

Enpresek doako autodiagnostiko-tresna erabil dezakete dagoeneko, pasaportea ezartzeko zer urrats eman behar dituzten jakiteko.

Irun eta Hondarribiko udalek EDIT Industria Eraldaketa Ekodigitala proiektuaren amaierako jardunaldia egin dute gaur Ficoban, Bidasoa bizirik-en bidez. «Zure produktuak badu zer kontatua. Industria, Produktuaren Pasaporte Digitalaren etorreraren aurrean» lelopean, mugaz gaindiko hiru urteko lankidetzaren emaitzak aurkeztu dituzte topaketan, baita Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) ezartzeko prestatzeko enpresek eskura dituzten baliabideak ere.

Proiektua 160 enpresa baino gehiagorengana iritsi da informazio- eta sentsibilizazio-jardueren bidez, eta arreta berezia jarri du altzarigintzan, nekazaritzako elikagaien sektorean eta ehungintzan. Horrez gain, 52 enpresak hartu dute parte prestakuntza espezializatuko bost tailerretan, eta 13k neurrirako laguntza jaso dute eraldaketa-prozesuei ekiteko. Lana osatzeko, bi proiektu pilotu egin dituzte, eta horietan Algonek eta Harivenasak beren produktuetan pasaportea nola ezarri probatu dute.

«EDITen bidez, enpresei lehen urratsak ematen lagundu diegu, lehendik zer informazio duten identifikatzetik hasi eta zer datu bildu behar dituzten jakiteraino. Gipuzkoaren, Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko lankidetzari esker, enpresa txiki eta ertainek beren egoerara egokitu ditzaketen tresnak garatu ditugu», adierazi du Nuria Alzagak, Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Bi enpresaren esperientziak pasaportea praktikan ezagutzeko

Jardunaldian, IK Ingeniaritzako Gorka Benitok azaldu du Produktuaren Pasaporte Digitalak produktuei buruzko informazioa eskuratzea errazten duela eta haien trazabilitatea hobetzen duela. Burdinaren eta altzairuaren sektoreko enpresekin egindako esperientzia pilotu bat ere aurkeztu du.

MIK–Mondragon Unibertsitateko Anaïs Iglesiasek gidatutako mahai-inguruan, EDITen proiektu pilotuetan parte hartu duten bi enpresek beren esperientzia azaldu dute. Algonek produktu-lerro baterako pasaporte digitala sortzeko egindako lana aurkeztu du. Harivenasak, berriz, ontzi bat ekodiseinatzeko eta hari buruzko informazioa QR kode baten bidez kontsultatzeko egindako lana azaldu du. Bi enpresek azaldu dute zer zailtasun izan dituzten, zer ikasi duten eta zer urrats eman asmo dituzten.

Enpresa bakoitzak nondik hasi jakiteko tresna

EDITen emaitzetako bat editdigitalpassport.com webgunean eskuragarri dagoen autodiagnostiko-tresna da. Galdetegiak digitalizazioaren zazpi alderdi eta jasangarritasunaren hiru ebaluatzen ditu eta, enpresa bakoitzaren egoeraren arabera, proiektuak garatutako hamar eraldaketa-ibilbideetako bat proposatzen dio. Plataformak, halaber, pasaportea ezartzeko prestatzeko gidak eta bestelako baliabideak biltzen ditu.

«Enpresa bakoitzak abiapuntu desberdina du. Autodiagnostikoaren bidez, enpresek ikus dezakete zertan egin duten aurrera, zer alderdi indartu behar dituzten eta zer urrats egin ditzaketen ondoren. Proiektua amaitu ondoren ere, eskualdeko enpresek baliabide horiek erabiltzen jarraitzea nahi dugu», azaldu du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak.

Webgunea kontsultatzeaz gain, proiektuaren azken berriak eta PPDari buruzko albisteak LinkedIneko EDIT – Interreg POCTEFA kontuan jarrai daitezke.

EDITek Gipuzkoako, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako zortzi erakunde bazkide bildu ditu. Proiektuan parte hartu dute Bidasoa bizirik-ek, LaNum Pays Basquek, Nafarroako Merkataritza Ganberak, Sakanako Garapen Agentziak, ESTIAk, MIKek eta Harivenasa eta Algon enpresek. Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) proiektuaren % 65 kofinantzatu du, Interreg Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.

Partekatu hemen