
Uztailean Hondarribiko hotelen okupazioa % 85ekoa izan da
Turismo Bulegoek 5653 bisita izan dituzte guztira.
Hondarribiko hotel-ostatuen okupazioa %85ekoa izan da uztail honetan, iazko datuen azpitik.
Hondarribia bisitatu duten pertsonen erdiak baino gehiago Estatuko hainbat lekutatik etorri dira. Turismo nazionalak %63,29a osatu du, eta nazioartekoak %36,71a. 2024ko aldi berarekin alderatuta, aipatzekoa da turismo nazionala 9 puntutan igo dela.
Palacete Hoteletik azaldu dutenez, “uztaila berezia izan da beste urte batzuekin alderatuta. Jendea etorri bada ere eta hotela ia beteta egon bada ere, jaitsiera bat nabaritu dugu, batez ere uztailaren lehen hamabostaldian. Hala ere, uztailaren 25etik aurrera igoera nabarmena izan da.”
Turismo Bulegoetako bisitariak
Hil honetan, guztira 5.653 pertsona pasa dira udalerriko turismo bulegoetatik, iazko kopurua baino askoz txikiagoa. Zehazki, 3.860 lagunek Arma Plazako bulegoa bisitatu dute eta 1.793k La Marinakoa. Uztail honetan, iazkoarekin alderatuta, bi bulegoetako batean behintzat pasatu diren pertsonen kopuruak %25eko igoera izan du.
Horietatik, %60,77 nazionalak izan dira eta gainerakoak atzerritarrak, gehienbat frantsesak, eta ondoren ingelesak, belgikarrak, argentinarrek, holandarrak, estatubatuarrak eta alemaniarrak. Datu hau oso antzekoa da iazkoarekin.
Eskariari dagokionez, bulegoetara gerturatzen direnen %57k plano edo liburuxka bat nahi dute, interesguneak ezagutu edo hirian zer bisitatu jakiteko informazioa. Bestalde, %14k enogastronomiari buruzko informazioa eskatu dute eta ia %7k kulturari, tradizioei eta ekitaldiei buruzko xehetasunak.
Helmuga Turistiko Adimenduna
Azken urteotan, Hondarribia Helmuga Turistiko Adimendun bihurtzeko lanean aritu da, turismo jasangarri eta irisgarri baten aldeko apustua eginez. “Oinarrizkoa da Hondarribian bizi diren pertsonen eta bisitatzen gaituztenen arteko oreka aurkitzea. Gure konpromisoa da turismo jasangarri baten alde lanean jarraitzea, gure hiriaren kultura eta ondarea errespetatuko dituena. Ziurtatu nahi dugu hazkunde turistikoak ez duela modu negatiboan eragiten gure bizilagunen bizi-kalitatean eta, aldi berean, bisitariei esperientzia autentiko eta aberasgarria eskaintzea. Oreka hau ezinbestekoa da Hondarribiaren nortasuna eta xarma mantentzeko, turismo garapen arduratsu eta errespetuzko bat bultzatzearekin batera.” adierazi du Estitxu Urtizbereak, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak.
Hondarribiak helburu hori lortzeko hartu dituen neurriak azpimarratuz, bere azpiegitura turistikoen modernizazioa eta informazio digitaleko sistemen ezarpena nabarmendu behar dira, turistei eta tokikoei informazio esanguratsua eskuratzeko bidea erraztuz. Horrez gain, aplikazio mugikorrak eta informazio gune interaktiboak garatu dira, bisitariek beren ibilbideak modu eraginkor eta jasangarrian planifika ditzaten.



