Bidasoa bizirik-ek jarraipena eman dio ‘Bidasoa Gastronomia eta Talentua’ proiektuari

 

 

 

·Garapen Agentziak ‘Jatetxeko eta Tabernako oinarrizko jarduerak’ ikastaroa jarri du martxan 15 ikaslerekin.

·Ikastaroak eskaintzen diren instalazioak ere berritu dira, lekua handituz eta ekipamendu berriak jarriz.

Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, ‘Jatetxe eta Tabernako oinarrizko jarduerak’ ikastaroa jarri dute abian. Ekimen hori ‘Bidasoa Gastronomia eta Talentua’ proiektuaren barruan kokatzen da. Garapen Agentziak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2019. urterako argitaratu zuen laguntzen deialdian aurkeztu zuen proiektu hura, enplegua lortzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten langile eta langabeak gizarteratzeko proiektu bereziak garatzeko.

Irungo Udalak kofinantzatutako ‘Bidasoa Gastronomia eta Talentua’ proiektua 2019ko abenduan hasi zen garatzen, ostalaritzaren esparruan bi prestakuntza eta enplegu plan proposatu zirenean. Alde batetik, “Sukaldea” ataleko 2. mailako Profesionaltasun-Ziurtagiria, 730 ordukoa, ikasleak Sukaldaritzako Teknikari izateko prestatzen dituena. Prestakuntza pasa den abenduaren erdialdean amaitu zen, eta ikastaroan parte hartu zutenek lanekoak ez diren prestakuntza-praktikak egingo dituzte 2021ean.

Bigarren prestakuntza-plana 1. mailako Profesionaltasun-Ziurtagiria da, ‘Jatetxeko eta Tabernako oinarrizko jarduerak’ izenekoa. Ikastaro hau pasa den azaroan hasi zen, COVID-19a zabaltzea saihesteko segurtasun eta higiene neurri guztiak betez, eta 210 ordu iraunen du. Ziurtagiri horren bidez, ikasleek sukaldaritzako laguntzaile gisa lan egin ahal izango dute. Gainera, ikastaroak barne hartzen ditu 50 orduko ostalaritzarako frantses ikastaroa eta bi master-class, ‘Ardo dastaketan’ eta ‘Kafetegien zerbitzuko teknika aurreratuetan’. Sektoreko profesionalek asko eskatzen dituzten espezialitateak dira hauek; beraz, ikastaroan parte hartzen duten pertsonek erraztasun gehiago izango dituzte lana aurkitzeko.

“2020a urte zaila izan da maila guztietan, eta, proiektu honen kasuan, pandemiak eragindako krisiak presentziazko prestakuntza-plan guztiak atzeratzera behartu gaitu, martxotik ekainera bitartean dena gelditu baitzen. Hala ere, oso pozik gaude bigarren prestakuntzaren bidez proiektuarekin jarraitu ahal izan dugulako; izan ere, proiektuan parte hartzen duten 15 pertsonek lana lortzeko aukerak hobetuko dituzte, sektoreak eskatzen dituen trebetasun eta gaitasunak garatu ahal izango dituztelako. Hala nola, hizkuntzek eta ardo-dastaketan eta kafe-zerbitzuan espezializazioek, zalantzarik gabe, ikasleen gizarteratzeko aukerak hobetuko dituzte”, esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko lehendakariak.

Prestakuntza instalazioak berritzea

Aipatzekoa da 2019ko azaroan eta abenduan hainbat lan egin zirela Ducoureau jauregiaren (Bidasoa bizirik-eko egoitzaren) ondoko lokalak berritzeko. Bertan ikastaroak egiten dira eta egindako inbertsioak, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren homologazioa duenak, gela horiek modernizatzeko balio izan zuen.

“Zehazki, gelak Ostatu eta Ostalaritza Zerbitzuen esparruetako prestakuntza-jardueretara hobeto egokitzeko balio izan zuten obrek. Espazio zabalagoak lortu dira eta ekipamendu berriak jarri ditugu. Hala nola, etxetresna elektriko berriak eta horrelako ikastaroetarako behar diren bestelako makinak erosi dira. Gainera, ostatu-sektoreko ikastaroetarako, instalazio berriek, oso modu funtzionalean, bi formakuntzak espazio berean bateratzea ahalbidetzen dute”, azaldu du María Serrano Bidasoa bizirik-eko lehendakariordeak.

 

  • Copyright © 2021 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com