Hondarribiko hotelen okupazioa % 75ekoa izan da abuztuan

 

· Azken hilabetean hirian gaua igaro duten 3.780 pertsonetatik 602 bakarrik ziren atzerritarrak.

·Turismo-bulegoek 18.597 bisita izan dituzte uda osoan.

 

Hotelen okupazioa %74,8ra iritsi da Hondarribian abuztuan; horrek esan nahi du % 12,8ko jaitsiera egon dela aurreko urteko aldi berarekin alderatuta, baina %2,7ko igoera izan dela 2020ko uztailarekin alderatuta.

Azken asteetan, Estatuko turisten kopuruak gora egin du; izan ere, Hondarribian gaua pasa duten 3.780 pertsonetatik, 602 bakarrik ziren atzerritarrak. Gaualdien batez bestekoari dagokionez, kopuruak behera egin du iazko datuekin alderatuta: bi gau izatetik 1,26 izatera igaro da.

Gonzaga Jauregui Jauregui hoteleko zuzendariak adierazi duenez "Abuztua uztailaren antzekoa izan da. Okupazioa iazkoa baino txikiagoa izan da, eta batez besteko prezioa asko jaitsi da. Hotelera etorri diren pertsonen jatorriari dagokionez, beste uda batzuetan bezala, Katalunia eta Madrilgo jende asko etorri da, eta Bizkaitik eta Nafarroatik etorritako jendea nabarmen hazi da. Hala ere, Italiatik, Frantziatik eta beste herrialde batzuetatik etorritako nazioarteko turismoak behera egin du".

13.869 bisita Turismo Bulegoetara

Bisitarien kopuruari dagokionez, Arma Plazako Turismo Bulegoan 13.869 kontsulta egin dira guztira, 8.423 uztailean eta 8.446 abuztuan; horietatik %5,35 Hondarribiko pertsonek egin dituzte, %7,97 Euskadiko beste eremu batzuetatik etorritako jendeak, %62,41 Estatuko gainerako tokietatik etorritako jendeak, batez ere Katalunia, Madril, Valentzia eta Nafarroatik etorritakoak, eta gainerako %24,2 atzerritarrek.

Bestalde, Portuko Turismo Bulegoan 4.728 kontsulta egin dira, 2.217 uztailean eta 2.511 abuztuan. Kasu horretan, tokiko jendearen bisitak %3,43 izan dira, eta Euskadiko beste leku batzuetako pertsonenak %10,47. Estatuko turismoa, gainera, % 46,32koa izan da, eta atzerrikoa %39,78koa.

"Uda ezberdina izan da, baina duela lau hilabete uste genuena baino hobeto joan da. Gauzak dauden bezala, hotelen okupazioak %75era iritsi izana pozik egoteko da", esan du Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak.

Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak gaineratu duenez, "iazko udan turismo nazionalean gorakada nabarmena izan bazen ere, aurten, bizi dugun egoerarekin, Hondarribia izan da berriro pertsona askok aukeratu duten helmuga, eta horrek erakusten du helmuga turistiko oso erakargarria dela".

Beldurra neguari begira

Iraila hasita, giroa zalantzazkoa da eta etor daitekeenaren beldur da jendea. "Orokorrean esan daiteke bi hilabete hauek defendatu ditugula, baina udan ere sartzen dira ekaina eta iraila. Ekainean %30eko okupazioa izan genuen eta iraila ez da hilabete ona izango. Ia ez dago erreserbarik eta gu oso kezkatuta gaude", esan du Gonzalaga Jaureguik

 

  • Copyright © 2020 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com