Harrera oso ona izan du Hondarribiko Portu auzoan kokatutako Turismo Bulego berriak

     

  • 10.867 pertsonek kontsultaren bat egin dute turismo bulego berrian

Bidasoa bizirik elkartek kudeatzen duen Hondarribiko Portu auzoan kokatutako turismo bulego berria, hiriaren inguruko informazio turistikoa jasotzeko interesa izan duten pertsonen artean harrera ona izan da. Bulego berria uztailaren 11ean ireki zen.

Bulegoa kokapen berri honetan irekitzea erabaki zen, turista gehien jasotzen dituen hiriko partea dela ikusita.

Miguel Angel Paezek, Bidasoa bizirik elkarteko presidenteak, nabarmendu du, “Bidasoa bizirik elkartean lehen mailakoa izango den zerbitzu turistikoa eskaintzeko lan egiten dugu eta lan egiten jarraituko dugu. Turismo bulegoak oinarrizko erremintak dira turista eta hiritarrek Eskualdeko ibilbide, egitasmo eta ekintza kulturalen inguruko informazioa izan dezaten, beste gauza batzuen artean”.

Maria Serrano, Bidasoa bizirik elkarteko kontseilariak, gaineratu du, “bisitariek informazio turistikoa jasotzeko beharra izan dezaketen Eskualdeko puntuetara hurbiltzeko apustu bat da. Era honetan, zer bisitatu aholkatu dezakegu eta haien egonaldia hobetzen lagundu dezakegu”.

Datu onak

Bulegoan kontsultaren bat egin duten pertsonen kopurua altua izan da, bulegoa duela gutxi ireki zela kontutan hartuz gero. Guztira, udara osoan zehar 10.867 pertsonek kontsultaren bat egin dute, zehazki, uztailean 1.936 izan ziren (uztailaren 11tik), abuztuan 5.995 eta 2.936 iraileko hilabetean, gaurko egunera arte.

Portu auzoko bulegoa zabaldu aurretik Kirol Kaiko turismo bulegoaren datuekin alderatuta, igoera nabaria izan dela esan daiteke.  Zehazki, 2017 urtean Kirol Kaiko datuekin alderatuta, informazio bila hurbildu diren 3.416 pertsona gehiago jaso ditu turismo bulego berriak. Kontutan izateko da Portuko bulego egunero 9 ordu zabalik egon dela, ordutegi jarraituarekin (Kirol Kaiko bulegoak 8 ordu zabalik eta eguerdian etenaldia egiten zuen).

Egindako kontsulta gehienak izaera orokorrekoak izan dira: zer bisitatu, bisita gidatuak, enogastronomia, ekintza kulturalak eta festak, garraio publikoa eta loturak, mendi-bide eta ibilbideak, Donejakue Bidea, etab. Gainera, beste leku batzuetako informazioa eskatu dute ere, hala nola, Frantzia eta Espainiako kostaldeko edo Euskadi kostaldeko informazioa.

Bisitarien jatorriari dagokionez, %6,46a bisitari lokalak dira eta %5,05a Euskadikoak. Bestetik, %43,46 Madril, Katalunia, Andaluzia eta Valentzia bezalako autonomia-erkidegoetatik etorritako bisitariak izan dira. Atzerritik etorritako bisitarien kopurua %45,03koa izan da eta Erresuma Batua, Alemania, Argentina, Estatu Batuak eta, batez ere, Frantziatik etorritako bisitariak izan dira. Abuztuko hilabetean turismo nazionala nagusi da, uztaileko eta iraileko hilabeteetan atzerritar gehiago etortzen diren bitartean.

Turismo bulegoan kontsultak egin dituzten bisitarien artean %6,82ak Hondarribian hartzen zuen ostatu, %5,85ak Donostian, %4,80ak Hendaian eta ia %1ak Irunen. Gainerako %81,64ak beste toki batean hartu zuen ostatu.

Bidasoa bizirik elkarteak eskualdean kudeatzen dituen gainontzeko turismo bulegoei dagokienez, Arma plazako bulegoak 27.578 kontsulta jaso ditu uztailaren 1etik irailaren 24ra arte, kontsulten igoera nabarmen batekin, izan ere, joan den urtean 26.902 kontsulta egin baitziren. Jatorriari dagokionez, Madril, Katalunia eta Valentziako autonomia-erkidegoetako bisitariak nabarmentzen dira eta atzerritarren artean, berriz, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika eta Estatu Batuetako bisitariak dira ugarienak.

Irungo bulegoak uztailaren 1etik irailaren 24ra arte 4.868 kontsulta jaso ditu. 2017 urteko datua baino apur bat altuagoa izan da aurtengoa, izan ere, joan den urtean 4.794 izan ziren egindako kontsultak. Kontsultak egin dituzten pertsonen artean, %25a Frantziar jatorrikoak ziren eta Alemania, Belgika, Erresuma Batua eta Estatu Batuak izan dira era nabarmenean errepikatu diren beste herrialde batzuk.

Datuak positiboak izan dira Bidasoa bizirik elkarteak kudeatzen dituen hiru bulegoetan eta iraileko hilabeteko datuak bereziki onak izan dira.

Hotelen okupazioa

Turismoari dagokionez, udara ona izan da Irun zein Hondarribiko hirientzat. Bisitari kopuru handia jaso da eta hotelen okupazioa altua izan da: uztaileko hilabetean zehar %81a gainditu zen Hondarribian eta Irunen kasuan gutxi faltatu zen %80 lortzeko. Abuztuan, bi hirietan %100ko okupazioa lortu ia-ia.

Bidasoa bizirik elkarteak aztertutako hotel eta ostatuak pozik agertu dira udara honetan jasotako bisita kopuruarekin.

Ekintzez betetako udara

Turismo nautikoak pisu garrantzitsua izan du aurtengo udaran Hondarribian. Geroz eta gehiago dira zerbitzu turistiko hauekiko interesa agertzen duten pertsonak eta eguraldi ona lagungarria izan da sektoreko enpresek ondo lan egin ahal izateko. Hilabete hauetan zehar ekintza kultural ugari antolatu dira, zeinen artean, Hondarribia Blues Jaialdia nabarmentzen den.

Irunen, ekintza kopuru handia izan da eta Oiasso Erromatar Museoa bisitatzera hurbildu diren pertsonen kopurua aipagarria da. Zehazki, uztaileko eta abuztuko hilabeteetan zehar Oiasso Erromatar Museoak 8.500 bisita jaso ditu, joan den udaran baino %4 bisita gehiago. Bisiten gorakadan eragina izan duten faktoreen artean, “Mulieres: Emakumeak Agusta Emeritan” erakusketa aipatzekoa da,  orain arte 2.000 pertsonek bisitatu dutena. Gainera, Irugurutzetako meatzerako bidea egiten duen trenaren erabiltzaile kopurua %10 igo da.

Gainera, Irungo leku adierazgarrienak ezagutzeko bisita gidatuak mantendu dira aurten ere. Bestetik, Donejakue Bidea egiten ari diren pertsonen kopurua gora doa etengabe eta geroz eta gehiago dira hiritik igarotzen diren erromesak. Bidasoako “JACOBI” elkarteak erromesentzako aterpetxe berria ireki zuen Lesaka kaleko 1. zenbakian.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com