10 urte beteko ditu Kreak. Martxoaren 22an izango da Krea 20X8

 

Krea 20X8 antolatu dute Irungo eta Hondarribiko udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, martxoaren 22rako. Krea Bidasoaren 10. edizioa izango da, pertsona ekintzaileei, enpresei eta bestelako organismo publiko eta pribatuei zuzendutako azoka.

Topagune bat da, azken finean, kontaktuak egiteko, negozio aukerak identifikatzeko, ezagutzak zabaltzeko eta bestelako esperientziak, tendentziak, arrakasta kasuak eta abar ezagutu ahal izateko.

Aurten X izango da ekimenaren irudia (10 zenbaki erromatarretan), Krea Bidasoaren 10 urteei erreferentzia eginez. Bestalde, “X urte eraikiz” izango da leloa. Irudirako hautatutako koloreari dagokionez (euskarri grafikoak, komunikazioa...) zuri-beltza izango da, koloreak, parte hartzaileek eta gerturatzen direnek jar ditzaten.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak nabarmendu eraikitzailea dela Krearen helburua: “Berritasunak ekartzen saiatzen gara urtero, azokaren izaera berritzailea mantenduz. Egindako lanaren balioa azpimarratzeko, aurreko bederatzi edizioetako leloak eta kartelak gogoratuko dituen espazioa egongo da”.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak ondorengoa erantsi du: “Pozik gaude Kreak izan duen eboluzioarekin. Ekintzaile askoren egutegian egonkortutako azoka da, eta hobetzeko asmoz lan egiten dugu urtero”.

Tailerrak eta konferentziak

Krea 20X8 azokako funtsezko elementu izango dira tailerrak eta hitzaldiak. Enpresak eraso informatikoengandik nola defenda daitezkeen jakingo dugu, nola alda daitezkeen negozio ereduak teknologia berriak aplikatuz, nolakoak diren hodeian eskura dauden plataforma digital berriak, edo “datuak” etorkizunean izango duen garrantzia. Era berean, negozio berriak ekarriko dituzten elikaduraren sektoreko tendentziak zeintzuk diren ikusiko dugu.

Bestalde, ez da faltako Powered by Pechakucha arrakastatsua. 54 aurkezpen egin dira aurreko edizioetan, guztira.

Berritasun gehiago

Aurten, hamargarren edizioaren ospakizuna dela eta, “Compagnie de vents et des marées” artisten kolektiboarekin batera, parte hartzaileen artean izaera berritzailea sustatzeko modu dibertigarria martxan jarriko da, “H2O: GUZTIAREN JATORRIA” tailerraren bidez.

Gainera, Irungo La Salle, Plaiaundi eta Bidasoa LH zentroekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurralde Oreka departamentuarekin batera, Star Ekintzaile Hackathon prototipatze teknologikoa antolatu da; lehiaketa bat, LH zentroetan landu dituzten negozio ideietan oinarrituta, ikasleek APPak sor ditzaten. Bidasoa bizirik-en, Mondragon Unibertsitatearen (leiners), Tknikaren eta eskualdeko enpresen babesa izango du.

Ibilbide teknologiko interaktiboa aurreko edizioan baino harrigarriagoa izango da, errealitate handituarekin, 4.0 errobotekin, 3D inpresorekin, mahai digitalekin, soinudun led-ekin etab.


Mugaz gaindiko etorkizun begirada

Aurreko edizioetan bezala, mugaz gaindiko lankidetza jarduerek pisu handia edukiko dute. Helburua da pertsona ekintzaileen, enpresen eta organismo publiko eta pribatuen artean loturak estutzea, topaketa edo networking bidez. CONNECT INNOVATION BAI! proiektuaren baitan daude dinamika ekintzaile horiek.

Ficoba erakustazokan burutuko dira jarduera horiek, beste urte batez. 9:00etan hasiko dira.

CONNECT INNOVATION BAI proiektuaren baitako jarduera da Krea Bidasoa 2018, POCTEFA Espainia, Frantzia, Andorra lurralde lankidetzarako programak diruz lagundua.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com