Eskualdeko sukaldariek beren esperientzia azaldu diete HLKPko ikasleei

Sukaldariko taldeIrun, 2010eko urtarrilak 28.- Bidasoa bizirikek eta eskualdeko taberna eta jatetxeek 10 tailer abian jarri dituzte, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programako sukaldaritzako ikasleentzat.

Ekimen aurrendaria da, eta bertan, Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programako sukaldaritzako ikasleek aukera izango dute sukaldarien eskutik klaseak jasotzeko eta zuzenean jakiteko nola egiten diren haien sukaldeko espezialitateetako batzuk.

Lanbide Hastapeneko zentroko ikasleek aukera bikoitza daukate: lanbide batean oso modu praktikoan prestatzea eta, aldi berean, DBHko titulua lortzea. “Beraz, funtsezkoa da prestakuntza amai dezaten motibatzea. Ekimen honetan inplikatu diren sukaldariek, ikasleekin errezeta bat partekatzeaz gainera, bere denboraren zati bat oparitu diete, lanbide horrekiko duten ilusioa transmititu diete eta, batez ere, ikasten segitzera motibatu dituzte”, nabarmendu du Goizane Alvarezek.

Eskualdeko sukaldariei esker eta Irungo eta Hondarribiko ostalaritzako elkarteei esker gauzatu ahal izan da proiektu hau. “Aukera aparta da gazte horiek jarduera praktiko honen bidez eskualdeko sukaldarien ezagutza eta esperientzia profesionalak ezagutu eta partekatu ditzaten; izan ere, haien errezetak egiten ikasteaz gainera, lanbidearen ikuspegi hurbilagoa izango dute", esan du Bidasoa bizirikeko kontseilari Maite Pelaez.

Alde horretatik, Joseba Lopetegik, Muganeko ordezkari eta ekimen honen sustatzaileetako bat den aldetik, zera azpimarratu du, “proiektua ezagutu genuenetik nahi izan genuen hartan inplikatu, gure eskualdean ostalaritzak garrantzi handia baitauka eta gizarte-interes handia dago sektorean geroko profesionalak prestatzeko. Beharrezkoa da hau bezalako zentroak egotea, lanpostuen erreleborako iturri baitira, ideia berriak sortzeko guneak. Guk lanbidearen ikuspegi globala eduki dezaten nahi dugu, ostalaritza dinamizatze aldera, kontuan hartuta haiek direla lanbidearen geroa”.

Tailerrak urtarrilaren 11n hasi ziren, eta hamar desberdin garatuko dira. Haietako bakoitzean, sukaldari bakoitzak bere sukaldeko espezialitate adierazgarrienetako bat edo gehiago azaltzen die ikasleei. Aukera aparta da gazte horientzat; izan ere, sukaldari horiek egunetik egunera su artean zabaltzen dituzten errezeta edo sekretuak ezagutzeaz gainera, aukera eskaintzen zaie Bidasoa eskualdeko ostalaritzako profesional handiengandik ikasteko.

Ikasleek ilusioa daukate prestakuntza praktiko hau ostalaritzako profesionalen eskutik jasotzeko. Halaxe adierazi du Mamenek, Sargia tabernako sukaldariak, berak eman du sukaldaritzako lehenengo tailerra, “oso erne egon ziren eman genizkien azalpenetan; ikasterakoan prestutasun handia zutela ikusi nuen; arroz saldatsua egin genuen txirlekin, eta prestatzerakoan oso harbera agertu ziren. Gainera, nire lanbideko esperientzia partekatu nahi izan nuen beraiekin, halako inplikazioa eskatzen duen lanbide honen isileko kontuak ezagutu zitzaten”.

Bestalde, Iñaki Gezalak, Hondarribiko Batzokiko sukaldariak, parte hartu ondoren, zera nabarmendu du, “oso esperientzia positiboa eta pozgarria izan da. Tailerra egiterakoan, arreta handia eskaini zidaten, eta jakinmin handia erakutsi zuten gauzengatik; eta hori baloratzekoa da lanbidean hasten ari diren gazteengan. Errezeta bat egiten irakatsi ondoren, bat-bateko pintxo-lehiaketa bat egin genuen; denek pintxo bat egin zuten osagai berarekin, eta irabazlea denon artean aukeratu genuen, eta irabazle horrek bazkari edo afari bat gozatuko du Batzokin. Amaitzeko, nire lanbideko ibilbidea eta lanbide honek eman didan guztia partekatu nahi izan nuen beraiekin. Zalantzarik gabe, asko gustatu zitzaidan partekatutako esperientzia”.

Honako hauek dira aste hauetan tailer horiek emango dituzten Irungo eta Hondarribiko ostalaritzako establezimenduak: Sargia taberna, Iñigo Lavado jatetxea, Batzoki jatetxea, Gaztelumendi jatetxea, Abarka jatetxea, Agricola taberna-jatetxea, Sebastian jatetxea, Manolo taberna, Txuntxurro taberna eta Gran Sol taberna-jatetxea.

  • Copyright © 2020 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com