K-Biziakerako laguntzak eskatzeko epea ireki da

Datorren astelehenean irekiko da K-Biziak Enpresen Hiri Zentroan instalatzeko alokairurako diru-laguntzak eskatzeko epea. Ekimen hau Bidasoa bizirikek zuzentzen duen Garapen Ekonomikorako eta Enplegurako Hitzarmen Orokorraren bitartez abian jarri da. Laguntza hauek jasoko dituzten guneak Hondarribia kalearen beheko aldea, Pinudi, Serapio Mujika kalearen goiko aldea eta López de Becerra eta José Eguino kaleak dira.

“Enpresen Hiri Zentro honen izena K-Biziak da, eta merkataritza jarduerarekin lotutako etorkizun profesionala nahi duten ekintzaileak kokatzen laguntzeko programa bat da. Merkataritzaren aldetik biziberritu behar duten hiriko guneetatik hasi gara, eta, nire ustez, potentzial handikoak dira— adierazi du Goizane Álvarez Bidasoa bizirikeko presidenteak. “Oinarri hauek egitea ez da zeregin erraza izan, eta diru-laguntza hauek artikulatzeko modua aldatuz joan da interesatuta zeuden ekintzaileek jakinarazten zizkiguten arazoen eta beste erakundeek eskaintzen zizkieten aukeren arabera”.

Laguntza horren helburu nagusiena puntu horietan negozioen instalazioa sustatzea da, lehenengo 2 urteetan lokalak alokatzeko diru-laguntzen bitartez. Enpresa sortu berriak edo ireki berri diren establezimenduak izan ahal dira, eta artearekin, kulturarekin, birziklatzearekin, bigarren eskuko produktuekin, artisautzarekin, teknologiarekin, kirolarekin eta enpresen aholkularitzarekin lotutakoek izango dute lehentasuna.

Gaur egun arte lokaletako 13 jabeek proiektu horretan parte hartzeko interesa adierazi dute, eta lokal erabilgarrien poltsan parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik ere. Oso epe laburrean bi enpresa instalatuko dira puntu horietan, eta bitartean, Bidasoa bizirikek lanean dihardu beren interesa adierazi duten beste ekintzaileekin.

K-Biziaken kokatu nahi dituzten ekintzaileek eta sortu berriak diren establezimendu guztiek eskabide orria lortu ahal izango dute Udalaren web orriaren bitartez, eta HAZ bulegoan aurkeztu beharko dute. Eskabidea aurkezteko epea 2010eko abenduaren 30ean amaituko da.

Bestelako laguntzak

Bestalde, Garapenerako Agentzia, une hauetan, lanean ari da beste diru-laguntza batzuk abian jartzeko. Enpresa proiektuen hasierako gastuak finantzatzeko laguntzak izango dira; besteak beste, eraketa gastuak, aholkularitza tekniko espezializatua edo patenteak, izenak, markak eta bestelakoak erregistratzeko gastuak sartzen dira.

Horiekin batera, Eusko Jaurlaritza lanean ari da MEC Merkataritza-ekipamenduen modernizaziorako laguntza-programa berrargitaratzeko. Enpresa-ekimen hauek laguntza horietara gehitu ahal dira. Establezimenduak erreformatzeko eta modernizatzeko eta berriztapen informatikorako diru-laguntzak dira. Laguntzak %27rainokoak izan ahal dira erreformaren kasuan, eta %31rainokoak informatikarako; gehienez ere, 12.000 euro enpresako.

  • Copyright © 2020 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com