Maiatzaren 30ean izango da XXI.Enpleguaren Astea

  • Maiatzaren 16, 17 eta 18an egin daitezke eskaintzetarako izen-emateak
  • Hiru tailer egongo dira azokan

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, Enpleguaren Astearen XXI.edizioa antolatu dute Ficoban. Ekimen horren bitartez, langileak kontratatu behar dituzten enpresak eta lanpostu bat behar duten langabeak harremanetan jartzen dira.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak helburua azaldu du: “Datuak gora-behera, ezin dugu erlaxatu. Lanean jarraituko dugu lan aukerak eskaintzeko, lan bila ari direnei, eta bereziki, iraupen luzeko langabeei”.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteak ondorengoa erantsi du: “Oso egonkortuta dagoen azoka da, non jende askok lana lortu ahal izan duen krisi urte hauetan”.

Azken edizioen antzekoa izango da azoka. Izen-emate epe bat egongo da eskaintza batzuetarako, eta horietako elkarrizketak maiatzaren 30ean egingo dira. Bestalde, egun horretan eskaintza gehiago ezagutzeko aukera egongo da, aldez aurretik izena emateko beharrik gabe. Horrek erraztasunak eta aukerak dakartza eskaintza bat baino gehiagotan izena ematen dutenentzat, lanpostu gehiagotarako izango direlako hautagai. Era berean, kualifikaziorik ez duen jendeari emandako aukera ere bada.

Izen-emateak

Izen-emateak www.elespazio.com web gunean egin daitezke, maiatzaren 16, 17 eta 18an. Bertan, lan eskatzaile bakoitzak hiru eskaintzatan izena eman ahal izango du gehienez. Hiru egun horietan eskaintzak betetzen ez baldin badira, denbora gehiagoz mantenduko dituzte web gunean.

Izena eman duten pertsonen artean, eskaintza bakoitzerako baldintzak betetzen dituztenak hautatuko dira, eta maiatzaren 30ean, aurrez-aurreko elkarrizketak egingo dira Ficoban.

50 entitate eta enpresa inguru joango dira hilaren 30ean Ficobara, hautatze elkarrizketak egiteko. 60 eskaintza egingo dituzte, 100 lanposturekin.

Tailerrak

Azokarako tailer osagarri ezberdinak antolatu dira, hiritarrei lan errealitatea gerturatzeko helburuarekin, profilak eta eskakizunak erakutsiz, eta lan merkatuan aukeran dauden formazioen berri emanez.

Lanbide Euresek Nazioarteko Lan Mugikortasunaren inguruko tailerra emango du, Kirolgik Porrotaren Kudeaketari buruzko beste bat eskainiko du, eta bestalde, enpresei zuzendutako diru-laguntza hautagaitzei buruzko informazioa emango da.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com