Etorkizun ikuspegia Irungo eta Hondarribiko enpresa industrialentzat


 

  • Irungo eta Hondarribiko enpresetan 4.0 Industria martxan jartzeko lanean ari da Bidasoa bizirik

Irungo eta Hondarribiko Udalak, Bidasoa bizirik-en bidez, eskualdeko enpresa industrialetan azken teknologiak eta metodologiak abian jartzeko lanean ari dira, 4.0 Industria planaren bidez, CONNECT INNOVATION BAI! programaren baitan. POCTEFA (Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa) ekimenak ko-finantziatzen du proiektua.

CONNECT INNOVATION BAI!ren lan ildo eta helburuetako bat da Irungo eta Hondarribiko enpresa industrialei 4.0 Industriako azken teknologien erabilerak helaraztea. 2016ko urrian, SPRIrekin batera, formazio eta sentsibilizazio barnetegia egin zen, enpresetako kudeatzaile eta zuzendariak 4.0 teknologietan formatzeko. Bestalde, 2016 eta 2017 urteetako Krea azoketan, tailer bereziak egin ziren, 4.0 teknologietan arreta jarriz: big data, errealitate handitua, ikusmen artifiziala, fabrikazio gehigarria, cloud computing, kolaborazio robotika etab.

4.0 Industriako bideorria

Halako testuinguru aldakor batean etorkizuneko gida edukitzeko, Bidasoa bizirik-ek ikerketa bat eskatu zion IDOM Consulting-i, Irunen eta Hondarribian 4.0 Industriak bizi duen egoera aztertzeko.

Hasteko, tamaina ezberdinetako 15 enpresen diagnostikoak egin dira, 4.0 Industriari buruzkoak, eskualdeko sare industrialaren benetako egoera ezagutzeko, digitalizazio maila eta zerbitzu tekonologikoen balizko eskaria identifikatuz. Ondoren, parte hartu zuten enpresei transformazio digitalerako ekintza plan indibiduala aurkeztu zaio.

Gainera, gaiaren inguruko zerbitzu lokalen eskaintza publiko eta pribatuaren analisia egin da, jarraitu beharreko estrategiak zehazteko tailer ezberdinak burutu dira, eskualdean digitalizazioa martxan jartzeko asmoz.

Orokorrean, ondorioa izan da 2.0 eta 3.0 puntuen arteko maila batean dagoela eskualdeko heldutasun digitala, hau da, muntatze kateak erabiltzen dira eta automatizazio elektronikoa inplementatu da, neurri batean, baina ezberdintasun handia dago enpresen artean. Digitalizazio maila altuenak harremana du enpresaren barne prozesuekin, operazioekin edo produkzioarekin, adibidez. Digitalizazio eskasia nabarmena dago, aldiz, kanpo kolaborazioarekin lotutakoekin. Horretan arreta jarri nahi dute gaur egungo enpresek, hain zuzen ere, bezeroa erdigunean jarriz.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak azaldu ditu ikerketaren zenbait ondorio: “Eskualdeko industria nahiko aurreratuta dago, 4.0 Industriara urratsa emateko adina. Hala ere, bide luzea egin beharra dago oraindik, erabateko transformazioa lortu arte”.

Beste puntu batean jarri du arreta Maria Serrano Bidasoa bizirik-eko kontselairiak: “Transformazio hori lortzeko, eskaintza eta eskari teknologikoaren arteko oreka handiagoa lortu behar dugu”.

Horretarako, eskualdean 4.0 Industriarako behin-betiko urratsa ematea ahalbidetuko duen ekintzen sorta prestatu da. Lau multzotan banatuta daude ekintzok: kultura digitala sustatzea, formazio digitala, ezarpenak eta mikro ezarpenak, eskaintza lokala sustatzea.

Norabide horretan lanean jarraitzen du Bidasoa bizirik-ek, enpresen beharrak hobeto ezagutzeko. Hiruhileko honetan zehar, enpresen datuen azterketa eta sistematizazioa martxan jartzeko proiektua egingo da.

Aurrekariak Berrikuntzan eta 4.0 Industrian

2008-2009 urteetan, Innova Ekimena burutu zen, SPRIren eta Bidasoa bizirik-en hitzarmen baten bidez, 12 berrikuntza foro antolatu zirelarik.

2009-2010 urteetan, berrikuntza babesteko programa martxan jarri zen: enpresak gune teknologikoekin edo zerbitzu aurreratuetako enpresekin harremanetan jartzea zen helburua, berrikuntza proiektu azkarrak abian jartzeko. 2017an, laugarren edizioa egin da, 60.000 euroko aurrekontuarekin. Berrikuntza eta teknologia maila handia duten 6 proiektu babestu dira bertan, kasu gehienetan, 4.0 Industriarekin lotuak.

2010 eta 2019 artean, berrikuntza enpresetara eta lurraldera gerturatzea da asmoa, POCTEFAren deialdietan onartu diren hiru proiektuak martxan jartzearen bidez: proiektu burua izan da Bidasoa bizirik Innov Mugaben, Innov Mugabe 2x2n eta CONNECT INNOVATION BAI!n.

Zer da 4.0 Industria eta zergatik da horren garrantzitsua

Informatizatutako fabrikazioaren ikuspegia da, Gauzen Interneten bidez elkar konektatutako prozesuak barne hartzen dituena. Modu horretan, moldagarritasun handiagoa edukitzea lortzen da, produkzioko beharretara egokitzeko, eta baliabideen esleipen eraginkorragoa lortzeko.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com