Indar turistiko guztia erakutsiko dute Irunek eta Hondarribiak FITURen

 

FITURen (Nazioarteko Turismo Azoka) 38.edizioan parte hartuko dute Hondarribiko eta Irungo Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez. Madrilen egiten ari dira azoka, urtarrilaren 17tik 21era. Euskal Kostaldeko erakusketarien artean daude Bidasoako hiriak, Euskadiren stand-ean, 9.pabiloiean. 

Bidasoa eskualdeak eta haren inguruak duen natur, ondare eta historia arloko balioaren eta zerbitzuen inguruko informazioa emateko balio du, turismoko profesionalei, baita balizko bisitariei ere. Horretarako, planoak, informazio liburuxkak, ostatuei buruzko informazioa, eta gida ezberdinak eskainiko dituzte: pintxoena, esperientzia gastronomikoena, Irun Berdea ibilbideena, Oiasso museoarena etab. Gainera, Irungo eta Hondarribiko zerbitzu nautikoei buruzko informazio euskarri berriak ere banatzen ari dira.

Asteazkenean, urtarrilaren 17an izan zen stand-aren inaugurazioa, eta bertan parte hartu zuen Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak: “Irun eta Hondarribiarentzat nahitaezkoa da FITURen egotea. Gure eskaintza turistikoa azaltzen dugu hemen, gure  ingurua ezagutzera etorriko den jendea erakartzen jarraitzeko helburuarekin”.

FITUR azoka, erreferentea turismoaren sektorean

Turismoaren arloko profesionalen topagune globala da FITUR. 2017ko edizioan, 165 herrialdetako 9.893 enpresa egon ziren erakusketarien artean. Sektoreko profesionalak 135.838 izan ziren, eta bisitari orokorrak, 109.134.

Turismo azoka baino gehiago

Beste hiri batzuekin kontaktua eta bilerak egiteko baliatzen da FITUR, elkarlana sustatze aldera. Urtarrilaren 18an, adibidez, José Antonio Santano Irungo alkateak Atlantikoko Hiri Erromatarren Sarea osatzeko lehen bileran parte hartuko du, Euskadiren stand-ean. Irungo Udalak gidatzen du proiektua, Bidasoa bizirik-en bidez. Bertan parte hartzen dute ondorengo hiriek: Castro Urdiales, Gijón, Pontevedra, Lugo, Perigueux (Frantzia), Braga, Condeixa a Nova eta Coimbra (Portugal).

Euskadiko stand-ean bertan, era berean, Erdi Aroko Hirien Sareko urteroko Batzarra egingo dute, Hondarribiak gidatuta. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea izango du buru. Ondoren, Erdi Aroa Zeharkatzen Sarea proiektuaren aurkezpena egingo dute.

Urtarrilaren 18an bertan, Euskadi Helmugak Elkarteko bilera tekniko batean parte hartuko du Bidasoa bizirik-ek, Zarautz, Donostia, Bilbo eta Gasteiz hiriekin batera, urteko jarduerak eta promozioa antolatzeko helburuarekin.

Bukatzeko, gauean, Q gaua ospatuko da. Bertan, Bidasoa bizirik-eko Turismo departamentuak Q turistikoaren ziurtagiria jasoko du.

  • Copyright © 2018 Bidasoa Bizirik. Eskubide guztiak erreserbatuak
  • Hendaia, 8 - Ducoureau Jauregia 20301 Irun (Gipuzkoa)
  • Tel.: +34 943 509 600 - Fax.: +34 943 509 608 - bidasoa-activa@bidasoa-activa.com